Andre Maria eliza (Murillo el Fruto)
Andre Maria eliza | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Murelu Hautsi |
Koordenatuak | 42°23′32″N 1°27′41″W / 42.39232808°N 1.46146771°W |
Andre Maria eliza Nafarroa Garaiko Aragoiko Erriberako Murillo el Fruto edo Murelu Hautsi udalerrian kokatutako XVI. mendeko kristiau eliza bat da. Pizkundar estiloa ditu.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1528. urtean, Olibako abadeak, Martin Arradakoak, Andre Maria parrokia eraikitzeko agindu zuen, Zisterrek eragindako jatorrizko fabrika protogotiko baten aztarnak aprobetxatuz, oraindik ere nabearen oinaldeko hormetan eta dorrea eusten duen kanoi-gangadun kapera karratuan ikusten direnak. XVI. mendeko trazadura horrek gurutze latindar bat osatzen du oinplanoan, hiru ataleko habearte bakarrarekin, beso zuzeneko gurutzadura zabalarekin eta burualde pentagonalarekin; estalkiak nerbio-gangak dira, absidean galloiak osatzen dituztenak, tertzeleteak gurutzaduran eta habeartea, eta gurutzadura sinplea sakristian. Azken espazio horren parean, 1800 inguruan, gela simetriko bat eraiki zen, gurutzaduraren besoaren ondoan. Epistolaren aldetik, era berean, kapera karratu bat altxatu zen, eta bi eremuak ertz-ganga banaz estali ziren; aldi berean, Erdi Aroko kaperaren ahokadurako arkua birmoldatu zen multzoa bateratzeko. Gaur egungo dorrea XVII. mendekoa da, errematea izan ezik, modernoa baita.
Artea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroako erromanismoaren erakusle da tenpluko erretaula nagusia, 1588koa, Piarres Artzeitz Erriberriko mihiztatzaileak egina; Pedro Gonzalez San Pedrorenetik hurbil dauden eredu inkonografikoak jarraitzen ditu. XVIII. mendean mazoneria berriz doitu eta margotu izanak bere kalitatea ahultzen du; aldaketa horiek, gainera, San Pedroren eta San Pauloren irudiak zituen sagrario barroko bat gehitzeko aprobetxatu ziren. Garrantzi gutxiagokoak dira elizako gainerako erretaulak, beranduagokoak baitira eta irudi moderno batzuk sartu baitira bertan. Horietatik, Kristoren Santuaren eta Jesusen Bihotzaren bikiak eta San Gregoriorena XVIII. mendearen bigarren erdialdeko rococo estilokoak dira, nahiz eta Kristoren irudi titularra XVII. mendekoa izan; Doloretako Ama Birjinaren erretaulan 1800 inguruko estilo neoklasikoa ikusten da, eta Arrosariokoa, berriz, XVII. eta XVIII. mendeetako mazoneria zatiak biltzen dituen mihiztadura da.
1845ean Olibako monasteriotik parrokiara ekarritako piezen artean, San Migelen erretaula nabarmentzen da, hasieran San Bernardori eskainia, XVII. mendearen lehen erdialdekoa, garai eta kalitate diskretu bereko pintura tenebristekin; erdiko mihisea beste jatorri bateko eta balio artistiko handiagoko pintura manierista da. Olibako koruko harlandua ere bada, barroko estilokoa, 1700 ingurukoa. Barrokoak zilarrezko krismerak eta brontzezko txilina dira, eta neobarroko estilokoak, berriz, kaliza.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nafarroako Entziklopedia Handia | MURELU HAUTSI. (Noiz kontsultatua: 2022-02-01).